
Gaurtik aurrera euskaraz ulertzen duten muskiztar guztiek herritar modura izena eman ahalko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldian.
Hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala da Euskaraldia eta 15 egun horietan aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira muskiztarrak:
–Belarriprest: Eurei euskaraz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskaraz ulertzen dute eta eurei euskaraz egitea gura dute.
–Ahobizi: Euskaraz ulertzen dutenei euskaraz egingo diete; eta berbakidea euskalduna den ez dakitenean, lehen hitza euskaraz egingo dute.

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena Euskaraldian. Euskaraz ulertzeko gaitasuna izatea da parte hartzeko baldintza bakarra. Hortik aurrera, bakoitzak erabakitzen du ze rol hartu.
Muskizko Udalak Euskaraldian parte hartzera animatzen ditu herritar guztiak. Muskiztarrek izena emateko hiru bide egongo dira: www.euskaraldia.eus webgunea, Muskizko Euskara Zerbitzua eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den sakelako aplikazioa.
Dagoeneko 412 herrik eta 4.300 entitatek eman dute izena eta 13.000 arigunetik gora egongo dira. Entitateek izena emateko epea irailaren 27an itxiko da.
