
“Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” lelopean, lehenengo edizioko dinamika sakontzea eta zabaltzea du helburu bigarren Euskaraldiak. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia, eta irailean plazaratu zen ikerketak (https://euskaraldia.eus/2018-ikerketa/) azaldu zuenez, ariketa sozial masibo honek emaitza onak lortu zituen.
Bigarren Euskaraldia 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta hauxe izango da berrikuntza nagusia: Ariguneak edo euskaraz lasai aritzeko tokiak. Bigarren edizio honetan entitateek modu zuzenean parte hartu ahalko dute, izan ere, administrazio publikoan, tabernetan, dendetan, kirol eta kultur taldeetan eta abarretan Ariguneak sortuta, herritarrei inertziak apurtu eta euskaraz aritzeko babesa eskaini ahalko diete.
Muskizko Herri Batzordea martxan
Muskizko herri batzordea lanean hasi da eta hurrengo aste eta hilabeteetan herriko mota bateko eta besteko entitateak inplikaraztea izango da helburua. Horretaz gain, lehenengo edizioan bezalaxe, urtean zehar hainbat bilera eta tailer antolatuko dira herriko entitateei behar duten informazioa eta laguntza guztia eskaintzeko eta herritarrak urte amaierako ariketarako prestatzeko eta motibatzeko.