Muskizko hezkuntza zentroetara Euskal Herri osoko idazleak ekartzen dira, Muskizko ikasleei euren liburuei buruzko, literaturari buruzko edo sorkuntzari buruzko solasaldiak eskaintzeko edo ipuinak kontatzeko.
Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen kasuan, gehienetan, ikasturte hasieran idazleak eta liburuak aukeratzen dituzte irakasleek, eta idazleekin egutegia adostu ondoren, klaseetan liburuak lantzeari ekiten diote. Idazleak etortzen direnerako liburuak irakurrita eta landuta izaten dituzte ikasleek.
Haur Hezkuntzako ikasleen kasuan, berriz, batzuetan, ikasleei ipuin-kontaketak eskaintzen zaizkie, eta kasu horietan aurretik ez da idazleen edo idazleen liburuen aparteko lanketarik egiten.

Urtean zehar, Udal Liburutegian eta Euskaltegietan ere idazleen solasaldi gehiago eskaintzen dira.
Egitasmo aberasgarri honek hiru helburu nagusi ditu: euskal literatura ezagutaraztea, euskal literatura sustatzea eta ikasle eta idazleen arteko harremanak bideratzea.