
Nahiz eta aurten Covid-19a tarteko jarduera sozial eta kulturalak mugatuta egon, Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzuak ez du Agate Deuna ospakizun tradizionala albo batera utzi gura izan. Izan ere, muskiztar askorentzat hitzordu berezia da Agate Deuna bezpera, kaleak musikaz betetzeko iluntzea, hori horrela, nahiz eta bizi dugun pandemiaren ondorioz ezingo den horrelakorik egin, bideo batzuk sarean zabalduz aurten ere antzinako tradizio hau ospatuko da Muskizen.
Ildo horretatik, Idoia Inoriza Euskara Zerbitzuko zinegotziaren ahotan “tradizioa bizirik mantendu gura dugu, jakin badakigu ospakizuna bere horretan ezin dela ospatu, horregatik, ekimen hau eskaini dugu, eta erantzuna ona baino hobea izan da”. “Nabarmendu nahi nuke bideoak ezarritako osasun neurri guztiak betez grabatu direla, honen helburua da festa hau segurtasunez ospatu ahal izatea”.
Euskara Zerbitzuak zenbait bideo grabatu ditu eta bideo horietan udalerriko hainbat musika elkartek hartu dute parte, zehazki, Txikiteroek, Denbora Kolpekak eta Jarraitzen Duguk. Era berean, Muskizko Ikastolak, San Juan Ikastetxeak, Cantarrana Eskolak eta Somorrostro Irakasguneak ere parte hartu dute ekimen honetan. Bideoak Muskizko Udaleko eta Euskara Zerbitzuko sare sozialen bitartez zabalduko dira asteazken eta ostegun honetan, otsailaren 3 eta 4an.