

Jarduera hauek azaroaren 27tik abenduaren 4ra bitartean egingo dira, besteak beste, euskal sortzaileen testuak online irakurriko dira, eta euskarazko antzerkia eta zinea ere eskainiko dira
Euskaraldiko eta Euskararen Eguneko ekintzetarako gertu dago Muskiz. Aurten, ostegunean izango da Euskararen Eguna, abenduaren 3an. Euskararen erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoz, Meatzaldeko udalerri honetan mota bateko eta besteko jarduera ugari eskainiko dira, betiere Covid-19aren ondorioz indarrean dagoen araudia betez.
Datorren ostiralean, azaroaren 27an, abian ipiniko da ekintzaz betetako astea. Beste ekintza batzuen artean, datorren ostiraletik, abenduaren 4ra arte, Euskara Zerbitzuko eta Udaleko sare sozialetan euskarazko hainbat sortzaileren lanez gozatu ahalko da. Azaroaren 27an, Euskaraldiari buruzko informazio mahaia ipiniko da Meatzari plazan; 29an, 17:00etan, “Stardog & Turbocat” filma eskainiko da, haurrentzat; eta 19:30ean, “Erlauntza”, kasu horretan, helduentzat. Astelehenean, azaroak 30, “Mari eta gaileta fabrika” antzezlana eskainiko da, txikien gozagarri; Rafa Rueda musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea Muskiz BHI institutura bertaratuko dira.
Euskararen Egunean, ostegunean, Euskara Zerbitzuak bideo labur bat argitaratuko du, sare sozialetan zabaltzeko. Bideo horretan euskara biziberritzeko aurreko urteetan udalerrian egin diren jarduerak bilduko dira. Horretaz gain, Meatzari Aretoan, 18:00etatik aurrera, Kabareta eta tailerra izango da. Astea ostiralean bukatuko da. Egun horretan, slogan lehiaketako sariak banatuko dira, Euskaraldiko erakusketa bat jarriko da, eta Ortzen eramateko ogitartekoak eskainiko dira.
Jarduera hauetaz gain, Euskaraldiko kartelak, argazkiak eta hezkuntza zentroetako jarduerak zabalduko dira sare sozialetan; era berean, egun hauei ikusgarritasuna emate aldera, kalean megafonia ipiniko da, Meatzari plazan informazio mahaiak jarriko dira, eta Gaztegunean Euskaraldiko txapak eta pegatinak banatuko dira.