
Muskizko Udaleko langileek euskara ikasteko dirulaguntzak onartu ditu Muskizko Udalak.
Deialdi honen bitartez, diruz lagunduko dira HABEk homologatutako euskaltegi publiko zein pribatuetan egindako ikastaroak, bai urritik ekainera arte egindakoak, bai udako hilabeteetan egindakoak.
Eskaerak aurkezteko epea eta tokia: 2020ko urriaren 5etik 30era, 09:00etatik 13:00etara, Muskizko Udaleko Erregistroan edo Euskara Zerbitzuan.
Dirulaguntza hau eskuratu ahal izateko, ikasleek %85eko asistentzia izan dutela egiaztatu beharko dute. COVID-19ak eragindako alarma egoera dela eta, ikasturte osoa kontuan hartuta gutxieneko asistentziara iristen ez diren ikasleen kasuan (%85), martxoaren 14tik ekainaren 21era arteko orduak albo batera utzita kalkulatu ahalko da asistentzia.

https://www.bizkaia.eus/lehendakaritza/Bao_bob/2020/08/10/II-2552_eus.pdf
https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/517964
DIRULAGUNTZA DEIALDIA OSORIK:
Muskizko Udaleko langileek euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko 2020ko deialdia
1.- Xedea
Deialdi honen xedea da Muskizko Udaleko langileen euskara ikastaroetako dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea.
2.- Aurrekontua
Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzuak 500,00 euroko aurrekontua izango du onartutako eskabide guztien artean banatzeko.
Baldin eta, eskabideak aztertu eta gero, diru-laguntza honetarako aurreikusitako diru kopurua baino kopuru handiagoa ateratzen bada, lortutako zenbatekoaren eta eskura dagoen diruaren arteko aldea zati berdinetan kenduko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea duten guztien artean.
3.- Onuradunak
Muskizko Udaleko langileak.
4.- Diruz lagunduko diren ikastaroak
- HABEk homologaturiko euskaltegi publiko zein pribatuetan egindako ikastaroak, Muskizko AEK eta Muskizko Udal Euskaltegietakoak, barne.
- Urte osoan zehar burututako ikastaroak lagunduko dira diruz, bai urritik ekainera egindakoak; bai uztailean, abuztuan eta irailean egindakoak (trinko zein barnetegiak). Barnetegien kasuan, matrikula gastuak baino ez dira diruz lagunduko eta ez da estantzia edo bertaratze gasturik ordainduko.
5.- Aurkeztu beharreko agiriak
- Eskabide orria
- NANren fotokopia
- Matrikularen ordainagiria
- Euskaltegiak egindako egiaztagiria, ondoko datu hauek zehaztuz:
- Ikaslea eskolaratu den orduen portzentajea. Euskaltegiak guztira emandako orduak eta ikasleak jasotakoak.
- Egindako maila edo mailak eta horiek gainditu dituen ala ez.
- Aprobetxamenduari buruzko kalifikazioa.
- Ikasleak ikastaro hori egiteko inolako dirulaguntzarik jaso ez duela adierazten duen agiria; eta dirulaguntzarik jaso badu, zenbat jaso duen eta dirulaguntza ze erakundek eman dion adieraztea.
6.- Eskabideak aurkezteko epea eta tokia
Eskabideak Muskizko Udaleko Erregistroan edo Muskizko Euskara Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, jendaurreko ordutegian (09:00-13:00), diruz laguntzea nahi den ikastaroa amaitu ostean, 2020ko urriaren 5etik urriaren 30era.
7.- Dirulaguntzaren zenbatekoa
Dirulaguntzaren gehienekoa urtero zehaztuko da Udal Aurrekontuetan.
Nolanahi ere, ikasleek ikasturteko ezingo dute inoiz matrikula gisa ordaindutakoa baino diru kopuru handiagorik jaso.
Diruz lagun daitekeen diru kopurua matrikularen %100 izango da gehienez, urteko aurrekontuko diru-izendapenaren eta eskari kopuruaren arabera.
8.- Irizpideak, ordainketa eta justifikazioa
Diruz lagunduko diren ikastaroetan, gutxienez, %85eko asistentzia izan dutela egiaztatu behar dute ikasleek. Ez dira kontuan hartuko ziurtagiri ofizialen bidez zuritzen diren huts egiteak. Ikasleak, gehienez, %10eko huts egiteak justifikatu ahalko ditu hilabeteko. Ikasleak epe horretan egindako mailak gainditu dituela edota aprobetxamendu egokia izan duela egiaztatu behar du. Horretarako, ikasleak euskaltegiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du ikastaroa amaitu ondoren, euskaltegiak emandako orduak eta ikasleak jasotakoak zehaztuz.
Covid-19ak eragindako alarma egoera dela eta, ikasturte osoa kontuan hartuta gutxieneko asistentziara iristen ez diren ikasleen kasuan (% 85), martxoaren 14tik ekainaren 21era arte emandako orduak albo batera utzita kalkulatu ahalko da asistentzia. Ziurtagirian garbi adierazi beharko da adierazten den portzentaje hori ikasturte osoari dagokion edo martxoaren 14tik ekainaren 21era arte emandako orduak albo batera utzi diren.
Diru-laguntza ikasturtearen amaieran emango da.
Ikasleak ziurtagiriak zehaztutako epean aurkezten ez baditu, dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da.
9.- Ebazpenaren jakinaraztea
Eskaeren ebazpena egin eta gero, dagokion sailak eskatzaile guztiei ebazpena idatziz jakinaraziko die, eta ondoren, ikasle bakoitzari dagokion diru sarrera egingo zaio.