
Sasoi honetan hainbat guraso arduratuta gaude seme-alabei ikasketekin lagundu behar diegulako eta horrek zalantzak ere sortzen dizkigulako. Aldaketa handia da beraientzat eta guretzat. Aholku batzuk proposatzen dizkizuegu lagungarriak izan daitezkeelakoan.
Ikasteko ohiturekin laguntzea da garrantzitsuena. Guretzat aldaketa handia gure seme-alabek etxetik ikasi behar izatea, baina beraientzat ere bada. Ez da erraza egokitzea. Ikasteko ohiturekin laguntzea oso baliagarria izango da beraientzat.
- Zein izango da ikasteko eta eskolako lanak egiteko ordutegia?
- Errutina batzuk adostu eta betetzen lagundu.
- Non ikasiko dute? Beti leku bera izan dadila eta ikasketetara egokitua.
- Zein izango da antolaketa? Egin beharrekoak antolatu, gauza bakoitzari zein denbora emango zaion aurreikusi, eta abar.
- Konstanteak baina malguak izan. Saiatu beraien jokabideak ulertzen, baina konstanteak izan eta lagundu poliki-poliki ohiturak bereganatzen.
Errefortzu positiboak eman. Hori da motibatzeko modua
- Egunero beraiekin jar gaitezke eta zer egin behar duten galdetu. Irakasleek bidali diguten informazioa izango dugu antolatzen laguntzeko.
- Nola egin ez dakiten ariketa edo gairen bat badute, eskatu guri azaltzeko ahal duten moduan.
- Modu horretan edo guk irakurrita ulertzen badugu, eta behar adinako ezagutza maila badugu, laguntza eskaini.
- Gai baten inguruko lan bat egin behar badute: informazio osagarria bilatzen lagundu, material baliagarria eskura jarri eta gaiari buruz hitz egin beraiekin aurre-ezagutzak aktibatzeko.
Ez gara irakasleak eta ez dugu arlo guztiei buruzko ezagutza izan beharrik. Gure seme-alabei lagundu nahi diegun gurasoak gara. Ezin diegula lagundu ikusten dugunean, interesa erakutsi, konfiantza eskaini, eta eskatu ariketa egiten saiatzeko, naiz eta behar bada gaizki egingo duten.
Ez egon denbora guztian beraien gainean. Ez da beharrezkoa ezta aproposa ere denbora guztian beraiekin egotea. Gero eta autonomoagoak izan behar dute eta horretarako antolatzen, informazioa bilatzen eta abar ikasi behar dute.
Irakasleekiko komunikazioa funtsezkoa da. Beraiek esan behar digute zeintzuk diren helburuak eta zelan nahi duten laguntzea.